XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); biok zintzo eta zehazki betea bait dukegu elkarri eman genion hitza.

- Zure bila bidaliko ditut, beraz, gaur gauean esan zuen Korrexidoreak eta gure etxean ezkonduko zara Zoramentxorekin, eta bihar eguerdian urkamendian egongo zara; eta, horrela, justiziak eskatzen duena beteaz, zuen bion irrikia ere aseko dut.

Eskerrak eman zizkion Andresek; Korrexidorea, berriz, bere etxera itzuli zen, eta Joanekin hitzegindakoaren eta egin asmo zituen beste gauza askoren berri eman zion emazteari.

Aita kanpoan zen bitartean, bere bizitzako gora behera guztien berri eman zion Zoramenek amari: ijitoa zela eta atso haren biloba uste izan zuela beti; baina, ijito-neska bati opa dakiokeena baino askoz gehiagotzat zeukala bere burua.

Joan de Carcamo benetan maita al zuen galdegin zion amak, eta egia esateko eskatu.

Zera erantzun zion hark, lotsakor eta begiak lurreruntz eratxirik: bere burua ijitotzat zeukalarik, don Joan de Carcamo bezain zaldun habitudun handizki batekin ezkontzeak etorkizuna hobetzen ziola, eta, hain izaera onekoa eta zintzoa zela nabarmen ikustean, behin edo beste begi jaieratsuz begiratu izan ziola; baina, nolanahi ere, esana zioenez, ez zuela gurasoek nahi zutekeena besterik ezer egiteko gogoetarik.